XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mezulari diskoa aurkeztuz
Gaur, Oiartzunen, Breschi eta Lertxundiren kontzertua.

Iturri Berri Elkarteko kultura sekzioak prestaturik eta udazken eta negurako egitarauari hasiera emanez, urriaren 5ean, gaur, gaueko hamar t-erdietan, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, Antonio Breschi, italiar musikari famatu eta Benito Lertxundiren kontzertua izango da.

Bertan Antonio Breschiren Mezulari azken diskoa, Benito Lertxundi eta Olatz Zugastiren laguntzarekin Elkar diskoetxean argitaratua, aurkeztuko da.

Esan behar da, bestalde, Breschik eta Lertxundik, tartekatuz, eta beste batzutan elkarrekin, kantatuko dutela.

Oraingoz Euskal Herrian emango den kontzertu bakarra Oiartzungo hau izango da.

Sarrerak hauetanxe daude salgai: Oiartzunen, Amazkar eta Madalensoro tabernetan; Donostian, Bilintxen, Azokan eta Frudisken; Irunen, Centro Musical Irunesen; Oreretan, Arkaitza tabernan; Tolosan, Xanti tabernan; Lesakan, Zialdo tabernan eta Baionan, Zabal liburudendan.

Esan dezagun bidenabar urriaren 19an, larunbatean, leku eta ordu berean rock kontzertua izango dela Txangot, Jotakie eta Nahiko taldeekin.

Nazionalitate marjinatuen alde
Antonio Breschi Firenzen jaio zen, 1950. urtean.

Gazte gaztetandik agertu zuen musikarako grina.

Formazio klasikoa du.

Pianoa du musika tresnarik gogozkoena.

Italian, Suizan, Alemanian, Ameriketan, Irlandan eta bestetan ibili ondoren mundu guztiko folk musika ezagutu eta ikertzeko premia sentitu zuen.

Gaur egun, egiten duen guztia, estilo horri lotuta dago.

Edozein hondartzatako harriren baten gainean eserita, edo autobusean doala edo txakolina edaten ari, zerbait berririk asmatzeari ekin baino lehen, herri horren kultura ezagutzen saiatuko da.

Egia esan ez da helburu horretatik batere urruti geratzen.

Antonio Breschik nazionalitate marjinatu edo oprimituen folk musika du gogokoena; gaurregun Irlanda, Euskal Herria, Galizia, Catalunya, Andaluzia....

Beti ere izaera etnografikoan inspiratzen dira bere lanak, horrela iragana, egungo egoera eta sumatzen dion geroaz musika konposatuko dio nazionalitate horri.

Euskal Herrian egin duen diskoa berriz, bi nazioen elkarrizketa da, Irlanda eta Euskal Herriarena, bi hizkuntza ageri direlarik bata bestearekin solasean, hots, gaelikoa eta euskara.

Johnny M-carthy hasten da gaelikoz eta Benito Lertxundik erantzuten dio.

Olatz Zugasti eta Antoniok biok batera ere kantatzen dute euskaraz.

Instrumentu basikoa pianoa da eta gainera gitarra, biolina, mandolina, harpa, flauta eta bi herrietako perkusiozko tresnak konbinatzen dira.

Hitz gutxitan esateko Irlanda eta Euskal Herriaren arteko elkarrizketa denez Antonio Breschik mezulariaren lana betetzen du.

Horrexegatik hain zuzen jarri zaio disko honi mezulari izena.